2026/11/22

Pazko zortziurreneko Eguaztena

Bezperak

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari,
        eta Espiritu Santuari.
        Lehen lez, orain eta beti,
        eta amaibako egunetan. Amen. Alleluia.

Goratzarreak

         ARGI BERRIZ DATOR

Argi berriz / dator egunsentia,
esker-kantu / dagi goizik Zeruak;
poz-jauzika / hasia da mundua,
negar-orruka, / berriz, infernua.

Kristo gure / Errege indartsuak
hautsi ditu / hherio-aginteak;
zapaldurik / leize-amildegiak,
askatu ditu / lotuen kateak.

Harri handiz / itxitako hobian,
gudariak / zituela zaintzaile,
gertakizun / harrigarri artean,
lurpetik zaigu / atera garaile.

Ezereztu / ditu herioaren
negar eta / ondorio larriak;
«Berpiztu da / hilen artetik Jauna»,
oihukatzen du / aingeru argiak.

Izan zaitez / gure buru-bihotzen
argi eta / betiko pazko-poza;
graziazko / bizitzara sortuok
Zure zerua / dezagula goza.

Zuri, Jesus, / edertasun guztia,
heriotza / menperatu bait duzu.
Aitarekin, / Espirituarekin
betierean / aintza dagokizu.
Amen.
 

 

SALMUTEGIA

1 Ant.
Maria Magdalena eta beste Maria hilobia ikustera joan ziran, Alleluia.

Sal 109

Hona, Jaunak esana nire Jaunari
      «Jesarri zakidaz eskoian,
      zure etsaiak oin-aulki
      jarten deutsudazan bitartean». 

Siondik zabalduko dau Jaunak
      zure aginte makilaren indarra:
      «Izan zaitez nagusi
      zure etsaien artean».

Handiki zu jaiotegunetik
      santu dirdaian,
      ihintza lez sortuazoko zaitut
      artizarraren aurrean.
      Jaunak zin egin dau
      eta ez jako damutuko:
      «Melkisedeken sailean
      abade zara zu behin betiko».

Nire Jauna zure eskoian:
      zapalduko ditu erregeak
      hasarre-egunean.

Bidean doala,
      errekan edango dau ura,
      horregaitik jasoko dau burua.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Maria Magdalena eta beste Maria hilobia ikustera joan ziran, Alleluia.

2 Ant. Etorri ta ikusi, Jauna hobiratua egoan lekua, Alleluia.

Sal 113a

Israel-herriak urten ebanean Ejiptotik,
      Jakoben etxeak erbestetik,
      Juda bihurtu jakon jauretxe,
      Israel, bere lurralde. 

Ikustean, itsasoak ihes,
      atzera egin eban Jordanek.
      Mendiek jauzi egin eben
      ahariek lez,
      munoek, arkumeek lez.

Ihes zoaz, itsaso, zergaitik?
      Jordan, atzera zergaitik?
      Zergaitik egin jauzi, mendiak,
      ahariek lez?
      munoak, arkumeek lez?

Ikara zaitez, lurra, Jaunaren aurrean,
      Jakoben Jainkoaren aurrean.
      Harek harkatxa ur-barruti
      biburtzen dau-ta,
      hatxa, ur-iturri.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Etorri ta ikusi, Jauna hobiratua egoan lekua, Alleluia.

 

3 Ant. Jesusek esan eutsen: Ez izan bildurrik; zoaze eta esan nire senideei, Galileara joateko; han ikusiko nabe, Alleluia.

Apokalipsiseko kantika hau abesten ez danean kako-artean emoten diran Alleluiak esan barik laga daitekez.

Kantika (Ikus Apk 19, 1-7)

Alleluia.
Salbamena, aintza ta indarra gure Jainkoarenak:
(R/. Alleluia).
Haren epaiak egiazkoak eta zuzenak
R/. Alleluia.  (Alleluia).

Alleluia.
Goretsi eizue gure Jainkoa Haren morroi guztiok,
(R/. Alleluia).
txiki eta handi, Haren bildur zarienok.
R/. Alleluia.  (Alleluia).

Alleluia.
Errege izaten hasia da-ta Jauna,
(R/. Alleluia).
gure Jainko ahalguztiduna.
R/. Alleluia.  (Alleluia).

Alleluia.
Poztu gaitezan eta alaitu,
(R/. Alleluia).
Bera daigun goratu.
R/. Alleluia.  (Alleluia).

Alleluia.
Heldu dira-ta bildotsaren ezteguak:
(R/. Alleluia).
horra apaindurik Haren emaztegaia.
R/. Alleluia.  (Alleluia).

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

 Ant. Jesusek esan eutsen: Ez izan bildurrik; zoaze eta esan nire senideei, Galileara joateko; han ikusiko nabe, Alleluia.


Jainkoaren hitza

Eb 7, 24-27

        Jesusek, beti irauten daualako, betiko abadegoa dauka. Horregaitik betiko salbau daikez Jainkoagana Haren bitartez hurreratzen diranak, beti bizi da-ta gure alde otoitz egiteko. Holakoxe abade nagusia behar genduan guk: Santua, errubakoa, akatsik bakoa, pekatariekandik bereiztua, eta zeruak baino gorago jasoa. Harek ez dau egunero opariak eskeini beharrik, beste abadeek egiten daben lez, lehenengo euren pekatuekaitik eta gero herriarenakaitik. Hori, behin betiko egin eban, bere burua eskeiniz.


          Galderantzunaren ordez hauxe esaten da.

Ant.  Hau da Jaunak egin dauan eguna, gu poztutzeko eta alaitzeko eguna, Alleluia.


Magn. ant.  
Jesus sartu egin zan hareekaz egoteko. Eta hareekaz mahaian egoala, ogia hartu, bedeinkapen-otoitza egin, zatitu eta emon egin eutsen, alleluia.

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
      pozaren pozez daukat nire barrua;
      Jainkoa da-ta nire salbamena,
      ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
      handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
      Santua da Haren izena,
      eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
      bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
      buru harroak triskatu dauz;
      bota dauz euren aulkitik handikiak,
      eta gora jaso dauz ezerezak;
      ondasunez bete dauz gosez egozanak
      eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

Bere gain hartu dau Israel, bere morroia,
      errukia gogoratu jakola;
      gure gurasoei halan eutsen emon berbea,
      Abrahami eta ondorengoei betiko esana.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Jesus sartu egin zan hareekaz egoteko. Eta hareekaz mahaian egoala, ogia hartu, bedeinkapen-otoitza egin, zatitu eta emon egin eutsen, alleluia.

Eskariak

        Kristori, hilen artetik biztu eta Aitaren eskoi-aldean dagoanari, eskatu deiogun, esanez:

Beti bizi zaran Kristo, entzun gaizuz.

        —Gogoan izan, Jauna, euren bizia zure zerbitzurako eskeini daben guztiak, * biziera santu baten jarraibidea erakutsi deioen herriari.

        —Emon, Jauna, herri-agintariei zuzentasun eta bake-espiritua, * gizonon urietan bihotzez bat izan gaitezan.

        —Emoiguzu bakea gure egunotan, * eta, behartsuei laguntzeko, ugaritu eizu lurraren mardultasuna.

        —Kristo Salbatzaile, lur guztia argitu dozu, eta ustelkor egoan izaki guztia bizira deitu; * emon, hildako gure senideei, betiko argia.

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.


Otoitza

        Jainko ahalguztiduna, urtero alaitzen gaituzu Jaunaren piztueraz, iguzu, lur ontan ospatzen dugun Pazkoak, izan dezala bere betea zeruko Pazkoan. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta gizaldi eta gizaldietan.

Amaierea

V/. Zoaze Jaunaren bakean. Alleluia, alleluia.
R/. Eskerrak Jainkoari. Alleluia, alleluia.

  

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.

Pazko Zortziurreneko Domekea

PAZKOALDIKO II. DOMEKEA II. Bezperak Agurra V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko. R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera. V/.    Aintza ...